Igande arratsaldeko alprojak

Eta nola demontre heldu nintzen kazetaritzara? Askotan egin diot galdera hau nire buruari. Nire inguru hurbilean esku-lanarekin lotutako lanbideak besterik ez zeuden, izan iheltsero, arotz, baserritar edota fontanero. Ideiak, sentimenduak, pasarteak idatziz hedatuko zituen artisaurik ez zen agertzen inondik ere, idazten ez zekitenak ere gehiengo izango ziren segurutik. Kazetaritza lanbide arin gisa ulertuko zen, hau ere segurutik, alprojaz eta sasi-kontalariez jositako mundua izango zen nonbait nire ingurumarian, eskarmenturik gabeko pertsonen lanbidea, alegia.

Nire aitak ez zuen sekulan ikasi idazten, bere sindura botatzen ikusten nuen bakoitzean, ulertezina egiten zitzaidan, gorriak eta bi pasatzen zituen ‘José Antonio Gorostidi’ idazteko unean. Erraza zuen, ‘JAG’ edo hantzeko zerbait asmatu izan balu eta zirrimarrabatekin konpondu, baina garai hartan inork ez ei zion azaldu hori ere balekoa zenik, ez zuela bere izen abizen osoa idatzi beharrik. Aitortu behar ere harroa eta egoskorra bazela eta berarentzako umiliazio bat zela idazten jakin ez izanak eta are umiliazio handiagoa bere semeen aurrean itxura hori ematea. Ez zigun inoiz esan ez zekienik. Agerikoa denean hobe ez galdetzea.

Hori gutxi bazen, komunikazioa ez zen izan inoiz bere tresna erabiliena. Isiltasunean eraman zituen bere gogoetak eta buruhausteak. Begiradek gordetzen zituzten ahotik ateratzen ez ziren hitzak. Esaldi sinpleak agian baina aditza beti zuzen jarrita.

Ez zuen inoiz jakin izan bere semeetako batek -hau idazten ari den honek, alegia- zer lanbide aukeratu zuen, zer idatz zezakeen egunero eta nola ekar ahal zuen soldata duin bat etxera hilero. Ekarri beharko zuen, aspalditik ez baitzuen etxean dirurik eskatzen. Hura ere esku-lana zenik ezin zuen ukatu baina ez zuen asmatzen zer idazten zuen eta, are okerrago, zertarako.

Honekin adierazi nahi nuen kazetaritzak ez zuela inolako presentziarik gure inguruan. Jendeak beharrezko hori eta ez gehiago hitz egiten zuen, hitzak zentzu bakarra izan zezakeen, zerbait adieraztea, aginduren bat ematea, zerbait eskatzea, baina hitza ez zen denbora galtzen ibiltzeko, denbora galtzekorik ez baitzen.

Eta bazen hitz egiten nonbait denbora galtzen zuen horietako bat gure etxetik gertu, isiltzen ez zen horietakoa, guztien berri ei zekiena, bere ahotsa beti besteen aurretik entzuten zena. Harek goitizen ezinegokia zuen garai hartako, hots, ‘diariovasco’. Beraz, hitz egiteko jario berezia zuen bakarrenetakoari ‘diariovasco’ goitizena jarri zioten. Ez dut gogoan bere izena inoiz jakin izan dudan, baina nire herrian ‘diarovascok’ hitz egiten zuenean ez zen beste azalpenik eman beharrik. Hura izango zen ahozkotasun komunikazio giroa hartan herriko ‘korresponsala’, idatz makinik  eta mikrofono beharrik gabe.

Kazetaritzarekin dudan lehen enkontrua igande arratsaldetako Errealaren partiduen irratsaioak izango dira segurutik. Larogeigarren hamarkadaren hasiera izango zen, Errealak segidan bi liga txapelketa irabazi zituen garaia. Gogoan dut nire anaia zaharrenak soldaduskatik ekarritako berde koloreko irratia nola pizten nuen igande arratsaldez, Tito Irazusta esatariaren irratsaioak entzuteko, aita siestatik ez esnatzeko beldur. Eta litekeena da garai hartan  errealzale amorratua izatea, gaztetxoa eta kirolzale amorratua ere banintzenez. Futbolean eta esku pilotan txukun aritzen nintzen.

Baina bazen kirolzaletasuna ez zen beste zerbait irratira gerturatzen ninduena: batetik irrati esatariaren hitz jarioa, hura bai ez zela isilik egoten, eta isiltasuna nagusi zen inguru batean seguru nago atentzioa deitzen zidala. Eta bestalde, oso gogoan dut detaile bat: igande arratsaldetan izugarri aspertzen nintzen, zerbaitek ez zuen funtzionatzen nire haurtzaroko igande arratsaldetan, aspergarriak egiten baitzitzaizkidan, luzeak baino amaiezinak. Eta nik lanbide hartan ikusten nuen asperraldi hura ekiditeko irtenbide on bat: igandetan lan egiten badut zeregin bat izango dut eta, beraz, arratsaldea arin joango zait…, eta gainera, dirudienez, lanean gozatu egiten dute nire aitarentzat alfroja eta baxoerdiko kontalariak baino izango ez ziren esatariak.

1 comentario en “Igande arratsaldeko alprojak

  1. Aupa Iñaki. Barkatu bainan erderaz erantzungo det.
    Además de todo eso que cuentas a mí se me ocurre otra razón para que hallas elegido ser periodista y que tiene que ver con tu padre.
    A ver que te parece:
    podría haber una razón de fondo en relación al oficio de tu padre que era albañil, constructor. Construía casas para la sociedad, construía orden para está sociedad y tu construyes con ideas pero construcción de orden a fin de cuentas.
    je,je. Ya intentare explicarme mejor cuando nos veamos.

Deja un comentario