Zergatik Osinzulo?


Ez da lan erraza azaltzea zergatik aukeratu dudan izeburu hau blog berri honetarako. Edo agian oso erraza da… Nire haurtzarora eramaten bait nau, nire ume eta ez hain ume denboran amets-ilusio iturri galanta izan zelako. Ez zen gauza handia,  Ernioko inguru menditsuak isurtzen zituen -eta dituen- ur gardenak Alkizatik barrena Anoetaraino jeisten ziren errekatxo estu eta ilun batetik, noiz edo noiz Anoetan Oria Ibaiarekin bat egin arte. Lauzpa-bost kilometroko bidexka horren puntu ezkutu batean aintzira magiko antzeko bat sortzen da, arkaitz eta zuhaitzak babesturik, eguzkiari inguratzen uzten ere ez diotelarik, ura bera hozkailutik atera berria izango balitz bezala agertzen delarik. Txoko hori zen Anoetako nexka-mutilen paradisu ezkutua, beste inork ezagutzen ei ez zuena. Txoko hori geratu da betirako nire erretinan, nire oroimenean, nire bihotzean. Izan ere han gordetzen baitira nire jaioterriarekiko ditudan oroimen azpimarragarrienetakoak. Urteak eta bi daramatzat herritik kanpo, urteak eta bi pasa dira ume izaten utzi nuenetik, urteak eta bi pasa dira Osinzulora azkenekoz joan nintzenetik. Baina Osinzulo beti agertzen da nire baitan, nagoen tokian nagoela, urteak joan urteak etorri. Ume izaten utzi nahi ez ote!

OHARRA: Argazkia ez da Osinzulokoa, Cubakoa baizik, Santiago de Cuba hirian hartua. Argazkiak, nola ez, ume garaira eraman ninduen, mutikoak goitibeheraren gainean ikusi bezain pronto.